Batuz

Hazitik tiraka, laugarren film laburra Batuzen

Jone Goitisolo Uriarte · Komunitatearen eraldaketarako teknikaria

Botanikaren hizkuntzan ariko bagina bezala, zinemak ere badu bere bizi-zikloa ikuslearengan. Istorio bakoitzak hazi bat uzten du gure baitan, eta hazi hori, batzuetan ia oharkabean, ernaltzen hasten da. Kimua mila modutara agertu daiteke: ordura arte ezezaguna zitzaigun errealitate baten erakusleiho legez; gure pentsamendua ureztatu eta astintzen duen errealitate kolpe bezala, gai baten inguruan gehiago jakiteko gose forman, edota barruan genituen emozioak dantzan jartzen dituen zuzendaria bailitzan, besteak beste.

Kimu horietatik guztietatik sorturiko lore-sorta gisa ernaldu da Umbrales, Aritz Albaizar eta Eva Marinen gidaritzapean, Batuz Gizarte Fundazioaren gizarte programetan parte hartzen duten pertsonek sortu eta protagonizaturiko laugarren film laburra. Azaroaren 20an ikusiko du argia lehen aldiz Derioko Gurea Aretoan hilabetero burutzen den Sareak Zabaltzen zinema komunitarioan.

Oraingo honetan, Javier da protagonista. 62 urte ditu, eta lan prekarioak bata bestearen atzetik lotuz bizirauten du. Aspaldi galdutako egonkortasuna berreskuratzeko aukera agertzen zaionean, itxuraz sinplea den oztopo batekin egingo du topo: erroldatuta egon behar da, baina bizi den etxeko jabeak ez dio horretarako aukerarik ematen. Burokraziaren aurrean amore ematera ohituta, Lourdes ezagutzeak zerbait aldatuko du bere baitan.

Tamalez, Umbrales ez da soilik Javierren istorioa. Gizartearen ertzak uste baino gertuago daudela gogorarazteko modu bat ere bada. Prekaritatea ez delako beti ikusten. Ez duelako beti kalean lo egiten. Prekarietateak goizean jaiki, lanera joan, fakturak ordaintzen saiatu eta, hala ere, etengabe oreka galtzeko zorian bizi den hori(ek) ere besarkatzen d(it)u.

Izan ere, bazterkeriaz, etxegabekeriaz edo pobreziaz hitz egiten dugunean, sarritan profil jakin batzuk irudikatzen ditugu. Bazterrean dagoen norbait. Sistematik kanpo geratu den norbait. Baina errealitatea askoz konplexuagoa da. Lana izateak ez du beti bizimodu duina bermatzen. Soldata jasotzeak ez du hilabete amaierara iristsiko zarenik ziurtatzen. Eta sistemaren parte izateak ez du esan nahi sistemak bere baitan mantenduko zaituenik. Batzuetan, arauak betetzen, lanean eta aurrera egiten saiatzen ari den pertsona bera da egitura horren arrakalen artean erortzen dena. Eta erortzeko ez da beti kolpe handi bat behar: batzuetan nahikoa da kontratu bat, errolda bat, alokairu bat edo tramite administratibo bat.

Aurreko film laburren aurkezpenetan esan izan dugun bezala, proiektu honen helburua ez da laburmetrai bat egin eta hilabete batzuez super star sentitzea. Helburua normalean planotik kanpo geratzen diren pertsonei ahotsa, presentzia eta protagonismoa ematea da. Azken batean, zinema adierazpen, partaidetza eta sentsibilizazio tresna bihurtzea.

Istorio bat barrutik eta lehen pertsonan kontatzen denean, zerbait aldatzen da, hazitxo bat ereiten da nonbait. Estatistikek urrun geratzen diren errealitateez hitz egin diezagukete; istorioek, ordea, aurpegia eta ahotsa jartzen diete. Beste norbaiten lekuan une batez jartzeko aukera eskaintzen digute. Eta hortxe dago, hain zuzen ere, zinemaren ahalmen eraldatzaileetako bat: erantzunak eskaintzea baino, gure baitan galdera edota hausnarketa berriak sortzea.

Baina eraldaketa ez da indibiduala bakarrik. Komunitatearekin ere badu zerikusia. Pantaila baten aurrean elkartzen garenean, besteen istorioak geure egiten ditugunean eta ondokoaren errealitatea beste begi batzuekin ikusten hasten garenean, zerbait eraikitzen ari gara. Zeren, elkar ikusi eta entzutea da komunitatea, inor planotik kanpo ez uzteko ardura partekatzea.