Azaroaren 25eko aldundiko kanpainan, indarkeria matxistari EZ esaten dioten gizon erreferenteak dira protagonistak

Mikel Reina Barros

Dani Álvarez (kazetaria), Ramón Barea (aktorea), Guillermo Buces (enpresaburua), Trygvi Hlinason (saskibaloiko jokalaria), Kepa Junkera (musikaria), Mikel Santiago (idazlea), Betto Snay (musikaria), Carlos Sobera (aurkezlea) eta Dani Vivian (futbolaria) dira aldundiaren A25eko kanpainako protagonistak. Bizkaian 38 emakume erail dituzte indarkeria matxistaren ondorioz, 2004. urtean delitu horiek zenbatzen hasi zirenetik.

Bizkaiko Foru Aldundiak Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunari (azaroaren 25a) lotutako kanpaina aurkeztu du. Kanpaina horretako protagonistak Bizkaiko gizon ezagun eta  erreferenteak dira, indarkeria matxistari EZ esaten diotenak.

Nabarmendu dutenez, “funtsezkoa” da Bizkaiko gizon erreferenteak izatea aurrerapauso bat eman eta indarkeria matxista gaitzesten dutenak: “Horrela erakusten dute berdintasunaren alde eta emakumeen eskubide eta askatasunen alde errespetatzeko, bat egiteko, entzuteko eta esku hartzeko apostua egiten dutela”.

“Uste dugu zerbait gehiago eskatzeko unea heldu dela. Ez da nahikoa indarkeriarik ez erabiltzea. Ez da nahikoa hau esatea: “nik ez nuke inoiz joko emakume bat”. Hori, noski, jakintzat eman behar da. Behar duguna da berdintasunean sinesten duten gizonek desberdinkeriaren ikusle huts izateari uztea. Gizonek hitz egitea behar dugu, ozen gaitzestea, heztea, entzutea, emakumeekin bat egitea”.