“Ahalik eta txorierritar gehienek parte hartzea nahi dugu. Horretarako, adin guztietarako ekintzak antolatzen saiatu gara. Euskaraz ondo pasatzeko eta gozatzeko espazioak sortu nahi ditugu, bai giro euskaldunean bizi direnentzat zein euskalduntze prozesu horretan daudenentzat ”. Horrela laburbildu ditu Txorierriko Mankomunitateko euskara teknikariak, Euskararen Asteko helburu nagusiak.
Hain zuzen ere, parte hartzeari “garrantzi handia” ematen diote eta “betiko ilusioarekin” antolatu dute Euskararen Astea, uztailean hasi baitziren dena antolatzen. Ohi bezala, bi zatitan banatu dute egitaraua: batetik, asteburuetan herritar guztientzako ekimenak daude, eta bestetik, astegunetan, ikastetxeenak.
Lezamako udalak herriko eragileekin egindako elkarlanari esker, aurten Euskararen Asteak bi asteburu izango ditu lehen aldiz. Izan ere, Lezamako udalak sustatutako udal aurrekontu parte hartzaileen bidez, gazte asanbladak proposatu zuen 20.000 especies de abejas filma proiektatzea: barikuan, azaroak 20, 19:30ean, Kultura Aretoan. Era berean, urtero ekartzen duten txotxongilo ikuskizuna ere egitarauaren barruan sartu dute: Erresiñolaren kantua, domekan, azaroak 22, 18:00etan, Kultura Aretoan. Biak ala biak euskarazko emanaldiak izanik “aproposak” ikusi dituzte Euskararen Astearen barruan sartzeko. “Gure arteko koordinazioa ezinbestekoa da eta indarrak batu ditugu ahalik eta txorierritar gehienengana heltzeko”.
Olaia Inziarte, erreferente
Zalantza barik, egitarauko ekintza nagusia azaroaren 28ko Olaia Inziarteren kontzertua da. “Azken urteetan saiatu izan gara puri-purian dauden artistak ekartzen; iaz, adibidez, Olatz Salvador etorri zen Zamudiora. Inziarte euskal eszenaren erreferente nagusietako bat da gaur egun: abeslari nafarra, emakumea eta gaztea. Publiko oso zabala ekarriko duelakoan gaude, are gehiago doako ekimena izanik, frontoia bete nahi dugu”.
Berritasunak ere sartu nahi izan dituzte aurten bestelako herritarrak erakarri nahian. Horrela, azaroaren 29an goizean, Unai Ormaetxearen bitartez, Kantamintza izeneko emanaldia egingo dute. “Euskal musikaren historia errepasatzen da, kantu tradizionalak gogoratzen dira, baina bide hori guztia modu parte hartzailean egiten da ikusleekin batera eta ikus-entzunezko euskarriez lagunduta”, azaldu dute. Orain arte formatuak arrakasta izan du eta 15 urtetik gorako herritarrentzat gomendatu dute.
Hasiera batean, azaroaren 27an egitekoak baziren ere, soinu teknikariek greba deitu dute egun horretarako eta ondorioz, Pantxika Lamurren helduentzako umorezko bakarrizketa, abenduaren 4ra atzeratu behar izan dute bertan behera ez uzteko. Aurreratu dutenez, bakarrizketan, menopausia, umorea eta aldarrikapena uztartzen dira.

Ikastetxeetan ere berritasunak
Institutuko egitaraura ere ailegatuko dira berritasunak. Gorka Olazabal zarauztarrak, umorezko Kanpora bakarrizketa eskainiko die lehen aldiz batxilergoko 2. mailan dauden ikasleei. Hori bai, azaldu dute hausnarketarako tartea ere egongo dela saioan. “Gaur egun behar ez ditugun gauza asko ditugu gure inguruan, arlo askotan, eta horiek kanpoan uztearen inguruan arituko da”. Bestetik, dagoeneko klasiko bilakatu den “Elkarrizketa musikatuak” emanaldia antolatuko dute, aurten Afrika Bibang eta Yogurinha Borovarekin. Ekitaldi bakoitzeko bina saio eskainiko dituzte.
Eskolei dagokienez, zelan ez, Lezamako herri ikastetxeari egokitu zaio aurten ikuskizunen aurkezpena; irailetik daramate lanean. “Lan ikaragarria egin dute eta bai irakasle eta bai ikasleen inplikazioa funtsezkoa da. Aurten frontoira hurbilduko diren umeek, bendejerak aurkituko dituzte bertan, eta fielatoa ere jarriko dute, hau da, umeak izango dira protagonistak. 6. mailakoek ere prest dituzte Etxahun Lekuerekin batera sortutako bertsoak, denek batera abesteko. Ikuskizunei dagokienez, 4-6 urteko umeek ‘Olentzeroren sekretua’ antzerkia ikusi ahal izango dute, 7-9 urtekoek ‘Azken fakirra’ ikuskizuna eta 10 eta 11 urtekoentzat, beste klasiko bat egongo da: Euskaraokea. “Ekimen hauekin guztiekin umeak protagonista izatea nahi dugu eta euskararen inguruko hausnarketa eta lanketa sustatu nahi dugu txikienen artean”.
Beraz, hainbat ikuskizun dituzte herritarrentzat prestatuta. Euskara aisialdian, lagunartean, familiarekin edota lanean erabili behar dela denen ahotan dagoen garaiotan, Euskararen Astea horren adibidea da. “Gonbidatu ditzagun gure ingurukoak edo gure ingurutik hain hurbil ez daudenak, gure kulturaz eta gure hizkuntzaz gozatzera. Apurka-apurka izan gaitezen komunitate handiagoa”.