‘Aloka(h)iru’: kritika soziala eta adiskidetasuna, umoretik

Mikel Reina Barros

Nerea Sanz aktore larrabetzuarra da ‘Aloka(h)iru’ telesaileko hiru protagonistetako bat eta Igor García Piñas sondikoztarra produkzio lanetan aritu da. EITB taldeko Primeran plataforman dago komedia ikusgai, lau atal ditu, bakoitza 24 minutukoa. Orain arte bigarren telesairik ikusiena da.

“Hiru lagunek pisua partekatzen dute Bilboko Alde Zaharrean. Unibertsitatea amaitzeko lau hilabete falta direla, ezusteko albiste bat jasoko dute: etxeko jabea hil egin da, eta haren semeak hilabete eman die alde egiteko”. Horrela laburbildu dute telesailaren muina. Hau da, aktualitateko gai bati umorez heldu diote sortzaileek.

Hain zuzen ere, epe motzerako beste etxebizitza bat alokatzeko aukerarik gabe, “egoerari etekina ateratzea erabakiko dute, eta hiru negozio klandestino sortuko dituzte etxe barruan”.  Egoera zentzugabeak, kritika soziala eta adiskidetasun harremanei buruzko begirada hurbila uztartzen ditu telesailak.