Ibernalo

Iñaki Olabarrieta eta Jose Angel Mentxaka

Ibernalo emakume izena da aspalditik. Gure artean oso arrunta izan ez arren, Euskaltzaindiak onartuta dauka, eta XIII. mendetik dago dokumentatuta. Arrazoia: Kanpezu herri arabarraren ondoan dagoen santutegi baten izena da, Ibernaloko Santutegia. Bertara hurbilduko gara zazpi kilometroko ibilbide zirkular erraz bat jarraituz, Kanpezun hasi eta amaituz.

Kanpezun aparkatu, eta herriko plazatik gora joanda, laster aurkitu dugu ekialderantz GR1eko marka zuri gorria. Kartelen batean Ibernalora eta Kodesera joateko bidea dela ikusi dugu. Laster asfaltoa amaitu, eta pista zabal batetik jarraitu dugu, apurka-apurka gorantz. Une batean, Kodesera doan bidea alde batera utzi, eta Ibernalora doana jarraitu dugu. Errepidera helduta, begi bistan izan dugu Ibernaloko santutegia. Oraingo eraikuntza nahiko berria da; erromaniko garaitik zutik egon arren, suntsitua izan da historian zehar. Barruan dagoen Amabirjinaren eskultura XIII. edo XIV. mendekoa ei da. Gaur egun elizaz gain taberna-jatetxea-aterpea dago bertan. Santutegiaren iparraldetik dagoen bista itzela da, Araba eta Nafarroako muga da ingurua eta bertan jesartzera eta lasai begiratzera gonbidatzen du. Ermitaren beste aldetik jarraitu dugu oinez pista zabal batetik hasieran eta bide zidor estuago batetik gero.

Eskuratu hemen ibilbidearen track-a.

Beherantz goazen bitartean, apur bat aurrerago ikusten den muinoan Burdin Aroko kastro baten aztarnak daude, La Horma. Ez dago urrun, baina Ega ibaiak ez digu hurbiltzen uzten, ez bai dago non gurutzatu inguru honetan. Kastro honez gain, beste hiru ere aurkitu daitezke inguruan, gizakia lur hauetan aspaldi kokatu zenaren seinale. Bide zidorretik pista zabalera heldu garenean, eskuinetara egin dugu joan-etorrian Ega ibaiaren urak aurrez aurre izan arte. Leku polita da, gozatzeko modukoa eta udan freskagarria izan daitekeena. Atzera eginez, pista zuzen eta zabaletik Kanpezurako norabidea hartu dugu. Bide bazterrean, Orbisoko errota izan zena dago. Nahiz eta landaretzak tapatuta eta egoera txarrean egon, oraindik aurkitu daiteke errotaren ezaugarriren bat.

Behin Kanpezura helduta, merezi du berau sakonago ezagutzea. Hiribildu historikoa izandakoa da. Araba eta Nafarroako mugan dagoenez, Gaztelaren eta Nafarroaren arteko muga izan zen garai batean, estrategikoki garrantzi handikoa. Santo Kristoren santutxoa (humilladero) aurkitu dugu sarreran, gero antzinako kale estuetatik paseatu dugu, batzuk aldapatsuak, erdi-puntuko arkudun ate dotoreak ikusi ditugu, hiruzpalau armarri ikusgarri, udaletxea, ondoan garai bateko harresiaren aztarnak, eta plazan iturria, lehoien ahoetatik ura dariela. Apur bat gorago eginez eliza handia eta dotorea dago, bere portada eta gargolekin… monumentu historiko izendatua dago.

Bertan egonda merezi du hurbil dagoen Orbiso herria bisitatzea. Kale estuak, armarri ederrak, harrizko ate dotoreak, askotan goiko aldean bi giltz gurutzatuta dituen armarri txiki batekin, elizako norbait bizi izan zenaren seinale. Herriko alde batean, bolatoki berri dotorea dago, eta beste aldean, garbitoki zaharra galanta eta are dotoreago, haga bitxiek sustengatua.