Hain zuzen ere, aurtengo Tripontziaz sustatuko diren ekimenen berri eman du Gure Eskuk. “Triponzia zozketa ederra da eta sari politak ekartzen ditu beti urte amaieran: 30.000 eurokoa da sari nagusia. Baina hori baino askoz gehiago ere bada. Tripontzia Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko ekimenak laguntzeko tresna da”, adierazi du Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak.
Hain zuzen ere, Tripontziaz aurten bildutako diruarekin lagunduko diren proiektuak aurkeztu dituzte: Heko tokiko moneta; Euskal Herriko puzzlea, Zazpiak Bat-Euskal Herria Kultur elkarteak kaleratutakoa eta Euskal Herria Batera elkarteak Aberri Egunari buruz plazaratuko duen liburua.
Lankidetzaren garrantzia nabarmendu dute: “Azken urteotan elkarlanaren ildo indartu du Gure Eskuk. Izan ere, Euskal Herrian, burujabetzaren eta naziogintzaren esparruan diharduten eragile asko gaude, eta ezinbestekoa da sinergiak bilatzea eta elkarri laguntzea; zeresanik ez, gaur egungo testuinguru politikoan”.
Aurtengo Tripontzia eskuratzen dutenek Gure Eskuren egutegi digital bat jasoko dute, eta horrekin batera, zozketan parte hartzeko zenbaki bat. Bertan, 30.000 euro jasoko ditu lehen sariaren irabazleak (zenbakia eta seriea); beste 1.500 euro jasoko dituzte zenbaki horretako gainerako serieak dituztenek. Bigarren saria dutenek (zortzi serieak) 1.000 euro irabaziko dituzte. Tripontzia denda eta taberna ugaritan eskura daiteke, baita online ere: tripontzia.eus.