Durangoko Azokara joateko autobusak antolatu dituzte hainbat herritan

Mikel Reina Barros

Landako Guneak abenduaren 4tik 8ra hartuko du Durangoko Azoka eta zapatuan bertara joateko autobusak antolatu dituzte hainbat herritan. Guztira, 174 partaide egongo dira azokan, eta 286 erakusmahai atonduko dituzte. Bertan, 2026an argitaratutako 1.098 kultur nobedade jarriko dituzte eskuragarri.

Zamudioko Udalak Durangoko Azokara joateko autobusa antolatuko du. Zerbitzua baliatu nahi dutenek abenduaren 3ra eman dezakete izena, udaletxean, webgunean eta ADIn. Euro bat ordaindu behar da pertsonako. Abenduaren 5ean 09:30ean aterako da autobusa Txorierriko Etorbidetik.

Sondikan, berriz, Altzora euskara elkarteak udalarekin batera antolatu du autobusa. Hauek ere abenduaren 5ean joango dira, 11:00etan aterako dira San Juan autobus geltokitik eta 18:00etarako itzuliko dira. 3 euro ordaindu behar dira, adin txikikoak doan izanik, baina 16 urtetik beherakoek nagusi batekin joan behar dute. Interesa dutenek 722 41 55 01 telefonora deitu edo altzora.ee@gmail.com posta elektronikora idatzi behar dute.

Larrabetzun ere egun berdinean Durangora joateko autobusa antolatu dute. Hemen, iaz bezala, egun osoko plana antolatu dute. 10:00etan aterako dira eta Urkiola-Larrano ingurutik mendi buelta osatuko dute, gero azoka bera bisitatuko dute eta gaueko giroaz ere gozatuko dute itzulerako autobusa 03:00etan izango baita. Autobusean izena emateko horibaigaztetxea@gmail.com posta elektronikora idatzi behar da. Horretarako azken eguna abenduaren 1a da.