“Indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzeko, inplikazio aktiboa eta egunerokoa izan behar da”

Mikel Reina Barros

Azaroaren 25eko Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean Txorierriko kaleak bete egin dira. Hain zuzen ere, eguraldiak lagundu ez baduen ere, mobilizazioak egin dituzte herrietan eta aldarrikapenak lau haizetara zabaldu.

Emakumeen aurkako indarkeriak “giza eskubideen urraketa” izaten jarraitzen duela gogoratu dute, eta gizarte osoari eragiten diola. Hori desagerrarazteko, erakundeak, gizartea eta komunitatea osatzen duten kide bakoitzak bere konpromisoa hartu behar duela argi dute.

“Emakumeen aurkako Indarkeria matxistarik gabeko gizartea eraikitzeko, inplikazio aktiboa eta egunerokoa behar da. Ez da nahikoa indarkeria arbuiatzea argi eta garbi agertzen denean. Beharrezkoa da errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzea, hari eusten dioten jokabideak zalantzan jartzea, diskurtso misoginoen aurrean isiltasuna haustea eta negazionismoari aurre egitea, biktimei laguntzea eta, esparru guztietatik, indarkeria matxistarik gabeko inguruneak sortzen laguntzea”.

Indarkeria matxistaren aurrean “ez dago neutraltasun egoera posiblerik”. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte aurrerapauso bat ematera: entzun, lagundu eta sostengatzera; interesa agertzera; emakumeen aurkako edozein indarkeria-mota prebenitzeko eta eragozteko jardutera.