La Pulquería musika taldea: “Jotak izan ezik, denetariko musika mota sortu dugu”

Aikor aldizkaria 2007ko eka. 11a, 17:47

Testua eta argazkiak: Jon Goikouria

Maiatzak 26, Zamudioko frontoia. Zortzi eta erdiak aldera La Pulqueríako taldekideekin solasaldia izan genuen; kontzertua eskaini baino lau ordu lehenago. Lagunartean mintzatzea bezalako esperientzia izan zen. Hitz egiteko gogo handiz agertu ziren momentu oro valentziarrak. La Pulquería: zer da? Gerardo (Huracán Romántica): ‘Hard Mariachia’ lantzen dugu, rocka eta Mexikoko soinu folklorikoak uztartuz. Gainera, gure ikuskizunak ikonografia mexikarraren elementuekin sendotzen ditugu. Beraz, gure izenak ere konnotazio mexikarra izan behar zuen halabeharrez. Bestalde, Pulquería Mexikoko taberna tipikoa da. Zeintzuk dira taldearen bereizgarriak? Miguel Angel: La Pulquería formazio musikal ezberdina dugun pertsonok osatzen dugu. Ibilbide laburra du taldeak, baina, hala ere, musika mota ezberdinak sortu ditugu; jotak izan ezik, denetarik. Hasiera batean denak balio du La Pulquerían… Gerardok azalduko dizue arrapalada batean geure musika estiloa. G: ‘Hard Mariachi, Tropi, Punk, Playero, Latino, Balcánico y Vacilón’. [Hiru segundotan bota du] Nola hasi zen La Pulquería? MA: Taldeak Mafarca zuen izena hasieran eta gure lehen diskoa Hard Mariachi izan zen. Motorhead era AC/DC taldeen antzeko musika estiloa jorratzen genuen, baina entseguetan rantxerekin eta distortsioekin jolasten hasi eta Mafarca La Pulquería bihurtu zen. Bilakaera horrek hizkuntza-aldaketa ahalbidetu zuen: aurreko taldean ingelesez abesten genuen eta La Pulqueríara egindako saltoak modu eroso eta dibertigarri batean hizkuntza gaztelania-mexikarrera aldatzera eraman gintuen. G: Gure abestietan ez dago gai mexikarrik; gai orokorrak jorratzen ditugu eta horiek melodia mexikarrari erreferentzia egiten diote. Mexikoko folkloreak inspiratzen gaitu, besterik ez. Zein taldek dute eragina zuengan? MA: The Beatles, Sex Pistols, Los Ramones, The Police, The Clash, Mano Negra, Los Fabulosos Cadillacs, Bersuit, El Dúo Dinámico, Voodoo Glow Skulls, Los Thompson Twins, The Specials, The Madness… hor utz dezakegu. Zeren bila zabiltzate? MA: [Barreak, eta euren artean hitz egin eta gero…] Musikatik edaten dugu, baina jatea ez dugu oraindik lortu. Gerardo, nondik dator ‘Huracán Romántica’ ezizena? Fernando Montesinos produktoreak ipini zidan lehen diskoa grabatzen ari ginela: modu gogorrean abestu behar nuenean ‘Huracán’ esaten zidan; eta hartune lasaietan, ordea, ‘Romántica’. Zuenak zer dira: kontzertuak ala ikuskizunak? Jordi: Ikuskizunak gogoko ditugu. Kontzertuak gure medio naturalak dira eta horiei esker hobe uler daiteke zer den La Pulquería. MA: Rocka musika baino zerbait gehiagotzat jotzen dugu eszenatoki gainean. Momentu horietan ez dugu inolako gidoirik eta kontzertuetan dena ematea gustatzen zaigu ahalik eta energia handienarekin. Tan Sierto que Pasó (Corridos de amor, 2004) abestiaren atzean bitxikeria bat dago… Pancho: Kontzertuetan botila bat tekila atera eta lehenengo ilaretan daudenei edaten ematen diegu. Azken tragoa ematen duena eszenatokira gonbidatzen dugu, eta pare bat minutuan gurekin dantzatu eta apur bat zorabiatu ostean, kamiseta bat oparitzen diogu. Batzuetan Volkswagen Golfak oparitzen ditugu, baina gehienetan kamisetak izan ohi dira, e!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).