Inisitue Gazte Asanbladagaz amaitzeko ez dau danak balio!

Aikor aldizkaria 2008ko urt. 9a, 08:56

Testua: Inisitue Gazte Asanblada

Joan dan hilabetean Zamudioko sei gazteri (horretako lau adingabeak dira) zitazio bana heldu jaken EAEko Auzitegi Nagusitik. Gutun horretan herriko gazte-estazioan emandako gertakari batzuen erantzuleak izatea leporatzen jaken. Halan be, gazteak egin ez daben gauza batengaitik akusatuta dagoz. Barriro be, eta lehenago ZGAgaz gertatu zan bezala, Udala Gazte Asanblada baten kontra dabil, eta horrek izen bat du: errepresioa. Inisitue Gazte Asanblada suntsitzeko eta erditik kentzeko edozerk balio dauala uste dabe, baina oso erratuta dagoz. Gazte-estazioan dagozan ezegonkortasuna, antolamendu falta, funtzionamendu eza… justifikatu nahi dute herriko sei gazteri errua leporatuz. Aski da! Lokal horretan arazoak dagoz, lehenengo momentutik gauzak txarto egin ziralako; inor kontuan hartu barik eta hauteskundeei begira. Gazte-estazioan eraiki dan lokala udal ordezkariek gura izan dabena da, eta, ganera, ordezkari horreen artean 30 urtetik beherako lagun bakarra dago. Zer dakite eurek gazteok gura dogunaren inguruan? Lokalaren eredu inposatuaren kontrako boikota eta ekimenak bideratu ditugula onartzen dugu. Horrelakorik egitea guztiz zilegia da. Baina, noski, lehenengo hanka sartzean erabat komenigarria da Gazte Asanbladaren kontra joatea eta ertzainei deitzea. Ez da kasualitatea akusatutako gazte guztiak Inisitue Gazte Asanbladakoak izatea, Udalari oposizioa egiten dabilkiona (kartelak, buzoraiketak, eskutitzak…) Gazte Asanblada baita. Gure kontra bideratutako prozesua gelditu eta denon artean lokalaren arazoa konpontzeko, hango begiraleagaz berba egitera joan gara (eta udal ordezkariakaz be berba egitera joango gara). Horrek eduki dauan jarrera ardurabakoa aipatzekoa da. Izan be, ertzainei gazteen izenak emon eutsezan azken horreek iskanbiletan parte hartu eben erabat ziur egon barik. Horren aurrean Inisitue Gazte Asanblada ez da geldirik geratuko eta gure lanagaz jarraituko dogu, oraingoan gure borroka eta errebindikazioak inoiz baino haundiagoak izanik. Injustizien kontra gogor erantzun! Inisitue Gazte Asanblada aurrera!