Eskerrik asko, Amagoia

Aikor aldizkaria 2009ko ots. 20a, 15:33

Testua: Ainhoa Bilbao

Ez dut gogoratzen Amagoia noiztik zegoen liburutegian. Baina gogoratzen dut urtarrilaren 26an liburutegia itxita ikusteak harritu egin ninduela. Hurrengo egunean hala esan zidaten: “Ez dakizu Amagoiak liburutegia utzi duela?”. Ba ez, ez nekien ezer; momentu horretan pena handia sentitu nuen. Azken urteotan askotan joan naiz liburutegira, eta bera izan da erreferentea guretzat. Beti zebiltzan kezkatuta gure beharrizanekin: ez bazegoen libururen bat, beste herri bateko liburutegian bilatzen zuen; zuk eskatutako liburua apuntatu eta libre zegoenean, telefonoz deitzen zizun. Umeekin ere izugarrizko lana egin du, izan ere makina bat ekintza antolatu ditu eurengan irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko. Gainera, euren saila marrazki eta kolore biziz apaintzen zuen, erakargarriago egiteko. Eta bisita amaieran... beti zegoen puxika bat. Pena ematen du pentsatzeak Udalak ez duela ikusi zelako balorea galdu dugun. Profesional peto-petoa da Amagoia. Lan hori edonork egingo du, baina zuk eman diguzuna lana baino zerbait gehiago izan da. Eskerrik asko nire izenean; eta ziur nago, zamudioztar askoren izenean ere bai. Etorkizunak zu ere jarriko zaitu zure lekuan. Ordura arte, zorte on izan.