Idatzi honen bidez gure kezka eta haserrea helarazi nahi dizuegu eskola berria dela-eta. Orain dela lau urte eskola berria egingo zen berri izan genuen, baina, jakin izan dugunez, gaur egun arte ez da aurrerapauso handirik egon. Hau da lau urte hauetan guk batu dugun informazioa:
- 2005eko otsailean 2 urteko gelan matrikulatu ziren ikasleen kopuruari erreparatuta maila horretarako ikasgela bi zabaltzea beharrezkoa zela ikusi genuen. Hala ere, Hezkuntza Delegaziotik esan ziguten gela bakar bat baino ezin genuela zabaldu, eta soilik 18 ikasle onartu ahal genituela. Delegatuarengana jo genuen, gela libre bat egonda, ikasle guztiak zergatik ezin genituen matrikulatu jakiteko. Espazio falta zela-eta, eskola ezin zela bi lerrokoa izan esan ziguten. Hau da, 2 urteko gela bi zabalduz gero, etorkizunean ez zela lekurik izango ume guztiak gainontzeko mailetan hartzeko. Alkatea Delegazioko ordezkariekin bildu eta hiru urteko epean eskola berria egingo zutela esan zien. Hauek onartu egin zuten.
- 2006ko urtarrilean planoak aurkeztu zizkigun Udalak.
- 2006ko ekainean, zuzenketak egin ostean, plano berriak aurkeztu zizkiguten eta eskola Uribarri auzoan, anbulatorio atzean, altxatuko zela esan ziguten.
- 2007an jakinarazi zitzaigun, biztanleriaren hazkundea zela-eta, eskolako orubea txikia geldituko zela, eta hura Arteaga auzora eramango zela. Eskola hiru urteko epean eginda egongo zela esan ziguten ekainean.
- 2008ko azaroan eskolako zuzendaritzatik jakinarazi zitzaigun Hezkuntza Delegazioak Zamudion institutu berri bat zabaltzeko asmoa zuela.
- 2009ko otsailaren 6an bilera egin genuen Udalarekin. Eskola berriaren proiektuaren aurkezpena egin zen, eta zalantzak argitu zitzaien gurasoei, baina aldaketetarako aukerarik gabe. Irailaren 1erako eskolaren lehenengo harria jarrita egongo zen konpromisoa hartu zen.
- 2009ko ekainean Hezkuntzako obren arduradunekin batzartu eta euren zalantzak aurkeztu zizkiguten.
- 2009ko irailean zuzendaritza taldea alkatearekin batzartu zen, eskolako lanak zergatik ez zeuden hasita jakiteko. Beste alde batetik, eskolako zuzendaria Hezkuntzako delegatuarekin eta obren arduradunarekin batu, eta euren aldetik ez zegoela inongo arazorik obrak hasteko esan zioten.
- 2009ko urriaren 7an batzartu ginen Guraso Elkartea, eskolako zuzendaritza, alkatea eta udal ordezkariak, eta Delegazioko baimena sinatuta erakutsi ziguten.
Orain dela lau urte eskola berriaren beharra bazegoen, arazoa larriagoa da gaur egun. Datorren ikasturterako aurreikuspena kontuan hartuta, 2 urteko gelan matrikulatu behar diren umeek ez dute lekurik izango eta hau saihesteko, moldaketa prekarioak egin beharko dira gaur egungo eskolan.
Eskola berriaren lanak gutxienez urte bi luzatuko direla eta oraindik obrak eman barik daudela kontuan hartuta... zenbat ikasturte gehiago pasatu beharko ditugu egoera prekario honetan? Eskola berria orain!