Ariane Apodaca López, idazlea: “Emakumeek indar handia dute istorio epiko honetan”

Aikor aldizkaria 2014ko urt. 10a, 13:58
El designio de las Dreias trilogia bateko lehen liburua da. Ariane Apodaca López zamudioztarrak idatzi du bera. Gaztearen lehenengo eleberria ere bada eta berarekin izan gara egitasmoaren gainean solasean. Bigarren emanaldia lantzen dabilela esan digu. Laburbildu, mesedez, liburuaren korapiloa. Erreferentzia bat izatearren, istorioa Erdi Aroan koka daiteke. Bertan “Mundu ezagunean” dauden erresumen arteko harremanak eta botere-borroka azaltzen ditut. “Mundu ezagunean” sei erresuma daude eta erregeetariko bat hiltzen denean, bere ondorengoa azpijokoekin hasten da guztiak menderatzeko. Eta zelako papera dute dreiek eszenatoki horretan? Dreiak jainko-jainkosen eta gizakien arteko bitartekariak dira, eta, pertsonaia nagusiak ez diren arren, oso garrantzitsuak dira istorioaren korapilorako, haiek erabakitzen dutelako zein izen jarri behar zaion ume bakoitzari. Eta liburuari neskato baten jaiotzak ematen dio hasiera... Zer gertatzen den jakiteko, liburua irakurri behar. Eleberri epikoa da, bereziki gustatzen zaizun generoa? Egia esan, Eraztunen jauna da irakurri dudan genero honetako liburu bakarra. Baina pelikula asko ditut ikusita. Zine-gidoiko masterra egin nuen Edinburgon eta gidoi bat idazteko eskatu ziguten, master-bukaerako proiektu moduan. Istorio hau urteetan eduki dut buruan bueltaka eta idaztea erabaki nuen. Zelan bihurtu zen gidoia eleberri? Masterreko irakasleak zinegintzan aritu diren profesionalak dira, eta haien iritzia eta aholkua kontuan hartzekoak dira. Bere ezaugarriak kontuan hartuta, anbizio handiko proiektua zela adierazi zidaten eta nik galdetu nien ea, haien ustez, eleberri bihurtu ahal zen. Baietz erantzun zidaten eta aurrera egitera animatu nintzen. Kostatu da? Bai, orduak sartu ditut, eta hiruzpalau zirriborro idatzi ere bai. Lehenengo eta behin, gidoia ingelesetik gaztelaniara itzuli behar izan nuen; eta gero, prosara moldatu. Prosan, arreta handiagoa ipini behar da deskribapenetan eta detailetan, eta prozesua luzeagoa da. Lehen esan bezala, istorioa urteetan eduki dut buruan, beraz, oso ondo ezagutzen nuen; hala ere, idaztera eseri nintzenean, hori beste gauza bat izan zen... Baina, tira, pixkanaka-pixkanaka ateratzen joan zen. Laguntzarik eduki duzu? Gurasoak eta ahizpa ibili dira nik idatzitakoa irakurtzen, eta haien iritzia ematen, iradokizunak egiten... Eta inspirazio-iturria Tolkien-en eleberrian eta generoko filmetan izan dut. Eleberria abenduan ipini da salgai, pozik? Oso pozik, irakurri dutenei gustatu zaielako. Hamasei urtetik gorako edozein laguni zuzendutako liburua da. Eskuratu nahi duenak facebooken bitartez jar daiteke nirekin harremanetan. Zer nabarmenduko zenuke zure eleberrian? Generoko beste lan batzuekin alderatuta, El designio de las Dreias liburuan emakumeek indar handia dutela. Normalean printzesak dira, norbaiten emazteak... baina nire liburuan korapiloaren parte aktiboa dira eta oso paper garrantzitsua dute. Zeuk editatu duzu, zergatik? Urtebete eman dut liburua idazten, eta, bukatu nuenean, erabaki nuen luzaroan erantzun baten zain ez nuela nahi egon. Eta, gainera, erantzuna ezezkoa bazen, beste argitaletxe bat topatzeko prozesuari berriro ekin. Horregatik liburua neuk editatzea pentsatu nuen. Kaleratutako liburuak salduko nituena ziur nengoen; badakizue, familia, lagunak eta lagunen lagunak... Eta gero, zorterik bazegoen eta jendeari gustatzen bazitzaion, ale gehiago atera ahal nituela pentsatu nuen, ahoz ahokoa ere inportantea delako. Zelan baloratzen duzu esperientzia? Lan handia da banaketaren eta sustapenaren ardura zeuk hartu behar duzulako, baina, azken batean, zure proiektuaren aldeko apustua egitea da. Ni oso pozik nago. Gainera, oso pozgarria da liburua norbaiti saltzea eta bere e-mail bat jasotzea gustatu zaiola esanez... Hori ezin da ordaindu. Gomendatuko zenukeen esperientzia da, beraz. Zalantza barik. Baten batek liburu bat kaleratu nahi badu, nik animatuko nuke autoedizioarekin saiatzera. Zelan ikusten duzu etorkizuna? Txiki-txikia nintzenetik nahi izan dut idatzi, eta gustatuko litzaidake idazten jarraitu ahal izatea, eta literaturatik bizi izatea. Baina korapilatsua da... Momentuz trilogiaren bigarren liburua idazten nabil eta espero dut azarorako bukatuta izatea. facebook.com/eldesigniodelasdreias Egilea Ariane 1985. urtean jaio zen eta Zamudiokoa da. Ikus-entzunezko komunikazioan dago lizentziatuta eta, gidoigintzari lotutako ikasketetatik aparte, zine-gidoiko masterra egin zuen Edinburgh Napier Unibertsitatean. Horrezaz gainera, kontakizun laburrak eta olerkiak argitaratu ditu ingelesez Erresuma Batuan eta kazetari ibili da Euskadin eta Ipar Irlandan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).