Orain dela hogeita hamar urte joan nintzen lehenengoz kopako final batera, Madrilera, Atlético Madrilen aurka, eta orduan ere galdu genuen arren, oso oroitzapen gozoa dut final hartaz: Zamudiotarrez betetako autobusean egindako joan-etorria, "plaza del Sol" delakoa athleticzalez gainezka, futbol zelaian egon zen giroa... Gogoan dut argi neukala hurrengo finaletara joango nintzela bai ala bai. Eta gainera, garai hartan ligak eta kopak irabaztera ohituta geundenez, ez zela denbora askorik pasatu beharko pentsatzen nuen. Baina askotan badakizue "usteak erdia ustel", urteak pasa eta finalik ez .
Baina 30 urte pasatu ondoren Bartzelonakora joateko posibilitatea izan dut. Izenburuan azaldu bezala, harrigarria izan da asteburu horretan bizi izan duguna: autopistako peajeak mukuru bete jendez, kantuka, edariak partekatuz, kotxeetako klaxonak joz, auto guztiak zuri-gorriz jantzita, tapauka eta banderaz, Lleidako lehen zubian ikurrina eta esteladaz osatutako pankarta handia, Rambla zuri-gorria bertan zeuden culeak harrituta utziz, Athletic hiriko giroa eta jendetza, futbol zelairaino egindako kale-jira, katalanekin bizi izan genuen harremana, bere animoak, begirunea eta afektua, ongi hartua eta maitatua sentitu naiz…
Azkenik, hitz batzuk esan nahi ditut, zelaian egon zen txistukadari buruz. Lehenengo eta behin esan ez dela gauza berria, orain dela 30 urte ere ni nengoen lekutik ez zelako entzuten. Behin eta berriz esaten ari dira intoleranteak garela eta kirola politizatzen dugula. Zeinek politizatzen du gehiago txistu egiten duenak edo himnoa jartzen duenak? Erregearen presentzia bera ez da politizatzea? Bestetik nik ez nuen inondik inora intolerantziarik ikusi Espainiarekiko loturaren aurkako protesta xume bat baino. Esan behar da himnoa bukatu eta zero koma segundotara ahaztuta geneukala palkuan erregerik zegoen ala ez. Gure kezkak zelaian zeuden kakanarru baten oinetan. Ez nuen iseka edo irainik entzun. Orain dela 30 urteko finalean Atletico Madrileko zaleak ikurrina bat erre zuten eta ez zen oraingoan beste iskanbilarik sortu.
Hurrengo finalerako proposamena dut: Espainiako Himnoa jarri beharrean “Txoria txori” abestia jarri. Txistuak jaso beharrean, milaka ahotsezko koro batek lagunduta egongo litzatekeelako.