Meñika atxilotzeko agindua eman du Auzitegi Gorenak

Aikor aldizkaria 2007ko urt. 19a, 18:09

Espainiako Auzitegi Gorenak Jarrai, Haika eta Segi erakunde terroristak direla erabaki, eta auziagatik epaitutako 24 lagunetatik 23ri sei urteko espetxe-zigorra ezarri die; beste auzipetua aske utzi du. Auzitegi Gorenak gazteak atxilotzeko agindua eman du. Zamudioko Ibon Meñika dago auzipetuen artean. Gazteak prentsaren bidez izan du epaiaren berri. “Gazte mailako borroka eta antolaketa zigortzeko tresna bat nahi zuten, eta helburua lortu dute. Baina hau ez da soilik gure aurka izan; gaur egun antolatuta dauden gazteek edota datozen belaunaldiek ere etorkizunean jaso dezaketen zigorra da”. Meñikaren esanetan, epaiak aurrekari bat ezarri du eta horrek eragina izan dezake abiatutako beste auzietan ere bai: Udalbiltza, Batasuna, Egunkaria, 18/98… “Argi dago terrorismoa kontzeptu zabaltzat jotzeko intentzioa eduki dutela. Izan ere, epaiketa egunean fiskalak terrorismo-izaera eta 10 urteko espetxe-zigorra eskatu zuen bakoitzarentzat, eta Gorenak epaiaren bidez estaldura eman dio horri. Euskal Herriaren aldeko apustua egiten duten pertsonen eta kolektiboen kontrako erasoa da”. Auzitegi Gorenak ezarritako sei urteetatik bost urte eta 10 hilabete bete beharko ditu Meñikak, aurretik hilabete bi bete zituen-eta. Espainiako Auzitegi Nazionalak Jarrai, Haika eta Segi legez kanpoko erakundeak zirela erabaki zuen 2005eko ekainean, baina fiskaltzak eta AVT-k helegitea sartu zuten, erakundetako kideei 10 eta 15 urteren arteko espetxe-zigorra eskatuz. Gorena 2005eko epaia aztertzen aritu da azkeneko asteetan eta urtarrilaren 19an jakinarazi zuen erabakia.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).