Lagatzuk Euskal Astea ospatuko du ekainean

Aikor aldizkaria 2007ko mai. 18a, 09:46

Argazkian, Joseba Tapia

Maiatzaren 31tik ekainaren 4ra bitartean Euskal Astea izango da Zamudion. Euskal Astea Lagatzu Euskera Alkarteak antolatzen du eta aurten 8. edizioa beteko da. “Euskara kalera atera nahi dugu eta, horretarako, hainbat ekitaldi egingo ditugu gure hizkuntzaren inguruan. Herrian euskal giroa sortzea dugu helburu”. Euskal Asteari maiatzaren 31n, eguenaz, emango diote hasiera eta egun horretan Alberto Iñurrategi mendigoizaleak “Gure Himalaya” berbaldia eskainiko du, iluntzeko 8etan, dorretxean. Barikuan Joseba Tapia musikariaren kontzertua edukiko dute -20:00etan, dorretxean- eta ostean, kanta afaria egingo dute Galbarriatuko txokoan. Bazkideek eta 18 urtetik beherakoek 12€ ordaindu beharko dute eta gainontzekoek 15€. Izen-ematea 94 452 34 47 telefonoan edo lagatzu@lagatzu.org helbidean egin daiteke. Era berean, Lagatzuko kideei ere esan ahal zaie. Ekainaren 2an, zapatuaz, umeek Kiki eta Koko pailazoekin disfrutatzeko aukera edukiko dute –goizeko 12etan, dorretxean- eta gauean Bikoteatroa taldearen Larru haizetara antzezlana izango da frontoian -22:00etan-. Sarrerek 2€ balio dute, baina antzerki egunean hartzen badira frontoian 4€ ordaindu beharko da. Sarrerak Estankoan, Mari Elinean, Leandro, Agustin eta Alberto harategietan, Batzokian, Susterraken, Amairun eta liburutegian eskura daitezke. Era berean, aurreko lerroetan aipatutako telefono zenbakian edo korreoko helbidean ere lor daitezke. Domekan goizeko 9etan plazan bildu, eta tipi-tapa VIII. Mendi Ibialdiari ekingo diote. Eta egarria asetzeko, herriko txakolin dastatzea edukiko dute eguerdiko 12:30etik aurrera. Azkenik, mahaingurua egingo dute astelehenean, 20:00etan, dorretxean. Beste alde batetik, ekainaren 24an Lagatzu Eguna ospatuko dutela aipatu beharra dago.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).