Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Irakurri 2007 kanpaina jarri du abian irailetik abendura bitartean. Kanpainak liburutegiak adin guztietako herritarrei hurbiltzea du helburu.
Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionala osatzen duten liburutegietan hainbat ekintza izango dira: ‘Liburu bat, adiskide bat’ jarduera, ‘Familiak ere kontatzen du’ gida banatzea eta argazki lehiaketa, besteak beste. Hala ere, 36 liburutegik beste ekitaldi berezi batzuk antolatzeko aukera izango dute eta horien artean Zamudioko liburutegia dago.
Zamudioko liburutegiak anbulatorioko pediatria sailean liburuen kutxa bat uzten du aspalditik, bertara doazen umeek, medikuaren zain dauden bitartean, denbora liburuak ikusten pasa dezaten. Irakurri 2007 kanpaina dela-eta, Eusko Jaurlaritzak emandako erakusmahai berezi bat jarriko dute. Beste alde batetik, nagusiei zuzendutako tailerra antolatuko dute azaroaren 21ean. Tailer horretan idazkera landuko dute sukaldeko errezeten bidez; hau da, errezeta bat zelan idatzi ikasiko dute, neurriak ere nola idatzi, irudiak landu… Tailerrean 15 lagunentzako tokia dago eta izena liburutegian bertan eman behar da. Liburutegiak ekintza horretan lantzen diren errezetak liburu batean jasoko ditu.
Ekitaldi horiek irakurketa herritarrei hurbiltzeaz gainera, liburutegiak adin guztietako pertsonarentzat direla eta bertan ekintza ezberdinek lekua dutela azaltzea du helburu.