Kultura Ministerioak Zamudioko liburutegia saritu du

Aikor aldizkaria 2008ko urt. 10a, 13:47

Zamudioko liburutegiak Maria Moliner saria jaso du. Golardoak umeak zein gazteak irakurtzera animatzen dituzten proiektuak saritzen ditu, eta Zamudioko liburutegiak laugarren aldiz jaso du. Martxo eta abenduaren bitartean egitarau zabala eskaini dute liburutegian. Horrela, irakurketa tailer bezeriak antolatu dituzte, bisitaldiak, hitzaldiak, txangoak, erakusketak… eta Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako Irakurri kanpainan ere hartu dute parte. Orotara, 20 ekintzatik gora egin dituzte. Irakurketa Suspertzeko Planeko Ebaluazio-Batzordeak aintzat hartu du zamudioztarrek egindako ahalegina, eta saritzat haur eta gazteei zuzendutako 200 liburu, orriak markatzeko gailuak, liburuetarako poltsa bereziak eta kamishibai bat eman dizkio. Kamishibaia Japonen asmatutako ipuinak kontatzeko sistema bat da. Zurezko egitura da eta antzoki txiki bat irudikatzen du. Ipuinak marraztutako laminen bitartez kontatzen dira bertan. Irakurketa Suspertzeko Kanpaina 50.000 biztanletik beheko herrietan jarri zen martxan 1998. urtean. Kanpainak udalerri horietan bultzatzen dituzten 350 proiekturik onenak saritzen ditu. Datozen ekitaldiak Beste alde batetik, Zamudioko liburutegiak ume eta gazteen artean irakurketa bultzatzeko ekitaldiekin jarraituko du urtarriletik aurrera. Hilaren 26an, zapatuz, mozorro tailerra egingo dute goizeko 11:30ean, eta otsailaren 23an, zapatuz, ipuin kontalaria izango dute goizeko 12etan.