Hegazti erakusketa lehenengo aldiz egin da Zamudion

Aikor aldizkaria 2008ko urr. 22a, 15:23

Kantauri itsasertzeko arraza autoktonoko hegaztien erakusketak helburu bi izan ditu: alde batetik, hegazti-hazkuntza herritarrei hurbiltzea, eta, bestetik, hemengo arrazak berpiztea. Arraza autoktonoez aparte, mundu osotik etorritako hegaztiak ere jarri dituzte ikusgai erakusketan, eta guztira 500 buruk hartu dute parte bertan. Antolatzaileek bitxikeria bat aipatu digute: gaur egun dauden oilo arraza guztiak lau arrazatatik datoz eta haietako bat Euskal Herrikoa da: basokoa, hain zuzen ere. Oso arraza ezberdinak eta bitxiak topatu izan ditugu Zamudioko pilotalekuan eta probalekuan. Autoktonoen artean, leposoila aurkitu dugu. Hura saman lumarik ez duen oiloa da. Kanpoko arrazen artean zeta-antzekoa izan da ikusminik handiena sortu dutenetako bat. Oilo hori Japoniakoa da eta lumak barik, ilea du. Erakusketa urriaren 17tik 19ra bitartean egin da eta Zamudiora hurbildu direnek hegaztien lagin aberasgarria ikusteko aukera izan dute: olioak, usoak, antzarak eta indioilarrak, haien tartean. Irene Pardo Nekazaritza Saileko foru diputatua erakusketaren inaugurazioan izan zen Sorkunde Aiarza Zamudioko alkatearekin batera. Pardok hegaztien inguruan egindako lana eskertu zien antolatzaileei. “Izan ere, Eolak elkartea ahalegin handia egiten dabil kontsumitzaileei kalitatezko jangaiak eskaintzen eta bertoko arrazak ezagutzera ematen”.