Zamudioko ondare etnografikoa batuko du Labayruk

Aikor aldizkaria 2009ko urt. 7a, 12:17

Labayru Gaur aldizkarian jakinarazitakoaren arabera, ikerketa-hitzarmena sinatu dute Labayru Ikastegiak eta Zamudioko Udalak. Hitzarmen horren bidez, Zamudioko ondare etnografikoa batu, digitalizatu eta sailkatu egingo ditu ikastegiak. Zamudioztarren eguneroko ohiturak eta udalerriko leku-izenak jaso eta internet bidez jakinaraziko dira hurrengo urte eta erdian. Labayru Ikastegiak urteotan etnografia eta hizkuntza arloan landu duen metodologia erabiliko du ikerketa egiteko. Lehenengo eta behin, artxibo ezberdinetan dauden dokumentuen informazioa batuko da eta ostean, landa-lana egingo da. Ikerketaren datu esanguratsuenekin fitxak prestatu eta on-line eskegiko dira.