Aparteko giroa, Arroetaren urteurrenean

Aikor aldizkaria 2009ko urt. 22a, 15:20

Argazkiak: Arroeta MT

Arroeta Zamudioko mendi taldeak ekitaldi sorta antolatu du joan den asteburuan, elkartearen laugarren urteurrena ospatzeko. Barikuan, hitzaldia eskaini zuen Alex Txikon mendizaleak eta bertan Lemoatik Nepalera furgonetaz egindako bidaiaren berri eman zuen. Bidaia ez ezik, Sisha Pangma zortzimila ere egin zuen Alexek, eta abentura horren gorabeherak ezagutzeko aukera izan zuten hitzaldira hurbildu zirenek. Oso ekitaldi interesgarria izan zen. Larunbatean bazkaria egin zuten eta Lubarrieta jatetxean 60 bat bazkide batu ziren. Bazkaldu aurretik, trikipoteoa egon zen, Bertoko soinu tresnen elkarteak alaituta. Giro alaia izan zen egun osoan zehar, beraz, eta batzuek iluntzean ere jarraitu zuten festarekin. Pozik daude Arroetakoek, eta jendea ere oso gustura egon zen ekitaldi bietan.