Komiki tailerra, Zamudion

Aikor aldizkaria 2009ko api. 1a, 14:41

Zamudioko liburutegiak eta Gazte-estazioak komiki tailerra antolatu dute. Hori 12 urtetik 18 urtera bitarteko gazteei dago zuzenduta eta maiatzaren 8an, 15ean, 22an eta 29an egingo dute liburutegian. Tailerra arratsaldeko 6etatik 8etara izango da. Ekimenak helburu bikoitza du: alde batetik, komiki mundua gazteei hurbiltzea; eta bestetik, gazteak hainbat lekutan antolatzen diren komiki lehiaketan parte hartzera animatzea. Tailerra Arlantz Aranguena komiki-egileak zuzenduko du, eta hiru ataletan banatuko da. Lehenengo atalean, komikia eta arte sekuentzialaren historia landuko dute; hau da, nondik datorren eta zeintzuk diren komikiaren aitzindariak, besteak beste. Bigarren atalean, komikiaren funtsak eta oinarriak jorratuko dituzte: planteamendua, sailkapena, atalak, gidoia... Eta hirugarren atalean, komikia sortuko dute. Horretarako beharrezkoak diren tresnak, teknikak, formatuak... landuko dituzte. Izena ematea apirilaren 20tik 30era bitartean egin daiteke Gazte-estazioan. Benteveo liburu-bilduma Beste alde batetik, lagun batzuek arazoak dituzte liburuak irakurtzeko orduan. Izan ere, liburuen hizkia txikiegia da batzuetan eta irakurtzea kostatzen zaie, ikusmen-arazoak dituztelako. Horren ondorioz, liburuak irakurtzeari uzten diote askotan. Zamudioko liburutegiak Benteveo liburu-bilduma osatzen duten hiru liburu erosi ditu: Ernest Hemingway-en El viejo y el mar; Nathaniel Hawthorneren El velo negro del ministro y otros cuentos; eta Charles Exbrayaten Amor y esparadrapo. Edizio hauek handiago dute hizkia, eta erosoak dira edozein pertsonak irakurtzeko.