Argazki lehiaketa, Zamudion

Aikor aldizkaria 2009ko mai. 19a, 16:09

Zamudioko Udalak argazki lehiaketa antolatu du eta horrek Pazko eta Santomas jaiak ditu gaitzat. Lehiaketan herrian bizi den edonork har dezake parte eta orotara hiru sari emango dira: 250 euro, 150 euro eta 50 euro material fotografikoan. Argazkiek 20x30 zentimetroko neurria izan behar dute eta euskarri gogor batean aurkeztuko dira. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahalko ditu. Argazki bakoitza pakete baten barruan sartu beharko da eta horren kanpoaldean lanaren izenburua idatziko da. Gutun-azal itxi bat ere sartu beharko da paketearen barruan, eta bertan hauek jakinaraziko dira: egilearen izen-abizenak, helbidea eta telefonoa. Lanak ekainaren 23a baino lehenago aurkeztu beharko dira udaletxean. Epaimahaiaren erabakia ekainaren 26an jakinaraziko da eta lehiaketara aurkezten diren argazkiak ikusgai jarriko dituzte irailetik aurrera udal lokaletan.