Zamudion jarriko dute ESSren bigarren egoitza

Aikor aldizkaria 2009ko eka. 22a, 14:39
Espalazio bidezko Europako neutroi iturria (ESS) Lund hirian (Suedia) ipintzea erabaki dute azkenean. Hala ere, Espainiako Estatuak eta Suediak akordioa lortu dute eta proiektuak egoitza bi izango ditu haren ondorioz: nagusia, Lud herrian, eta bestea, Zamudion. Espainiako Zientzia Ministeriotik jakinarazitakoaren arabera, Zamudioko egoitza eraikitzeko lanak laster dira hastekoak: egoitza nagusia 2011n hasiko dira eraikitzen, eta Zamudioko instalazioek martxan egon beharko dute ordurako. Zamudioko egoitzan 80 ikertzailek egingo dute lan, eta hiru azpiegitura izango ditu: azeleragailuak diseinatzeko eta fabrikatzeko teknologia-zentro bat; probak egiteko laborategi bat, eta softwarea garatzeko zentro bat. Azken horretan urruneko sarbide-estazio bat egongo da, mundu osoko zientzialariek Zamudiotik egin dezaten lan. Egoitzan 150 milioi euroko inbertsioa egingo dute, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak aurten adostutako 30 milioi euroez gainera. Galdera asko daude proiektu honi buruz; kokapena, esate baterako. Oraindik ez da iragarri egoitza non altxatuko den, Teknologia Parkean bertan edo inguruko lur sailetan. Are gehiago, Sorkunde Aiarza Zamudioko alkateak azaldu digunez, Udalak komunikabideen bitartez jakin du bigarren egoitza honi buruz duen informazio guztia. “Guregana ez du inork jo proiektua azaltzeko. Eskaera idatzia egin dugu industria sailburuarekin batzeko eta xehetasunak ezagutzeko”. Proiektu guztiek alde onak eta txarrak dituzte, eta Aiarza zuhur azaldu da ESSk Zamudion izango duen egoitzari buruzko balorazioa emateko. “Hasiera batean, onurak ekarri ahal dituela ematen du. Enpresak Zamudion ezarri eta lanpostu berriak sortzeak onura ekonomikoa ekartzen dio herriari beti”. Zer da espalazioa? Neutroiak atomoen nukleoak ikusten dituzten partikulak dira. Horregatik, materia eta haren egoera, ezaugarriak eta propietateak ikertzeko erabiltzen dira. Espalazioa neutroiak kopuru handian sortzeko aukera ematen duen teknika da: atomoaren nukleoa ezpaletan zatitzen da, neutroiak igortzeko. Adituen esanetan, espalazio bidez ekoitzitako neutroi bakoitzak sortzen duen beroa minimoa da fisio nuklearraren aldean: 55/180 erlazioa, hain zuzen ere. Era berean, ESSk onura ekar liezaieke zientziaren ia alor guztiei: medikuntzari, fisikari, biologiari edo geologiari, esate baterako.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).