Argazki lehiaketa

Aikor aldizkaria 2010ko ots. 22a, 14:30

Inguruketa Zamudioko Argazki Elkarteak argazki lehiaketa antolatu du lehenengoz. Ekimenak helburu hau du: urte-sasoi bakoitzean herriak eskaintzen dituzten ikuspegiak batzea, 2011. urteko egutegia osatzeko. Egutegia 12 argazkik osatuko dute; hiru, urte-sasoi bakoitzeko. Lehiaketan edonork har dezake parte, eta gaia librea da. Hala ere, Zamudioren inguruko lanak baino ez dira onartuko: hirigunea, paisaia, baserriak, industria, komertzioa... Parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztu ahalko ditu urte-sasoi bakoitzeko. Lanak zuribeltzezkoak izan ahalko dira, edo kolorezkoak. Ukitu digitala onartuko da. Kategoria bakarra egongo da urte-sasoi bakoitzeko hiru argazkietarako. Horiek paperean aurkeztuko dira eta neurri hauek izan beharko dituzte: 18x13 cm. Horrezaz gainera, lanak CD batean ere aurkeztuko dira, jpg formatuan. Argazki digitalek 250pppko erresoluzioa eduki beharko dute, eta 30x20 cmko neurria. Lan guztiak formatu horizontalean egingo dira. Argazkiak eta CDa gutun-azal itxi batean aurkeztuko dira udal liburutegian. Gutun-azalean datu hauek eman beharko dira: izen-abizenak, telefonoa eta helbidea. Parte-hartzailea argazki elkarteren bateko kidea bada, hori ere jakinarazi beharko da. Lanak aurkezteko epeak hauek izango dira: neguko argazkiak, martxoaren 22ra arte; udaberrikoak, ekainaren 23ra arte; udakoak, irailaren 22ra arte; udazkenekoak, azaroaren 17ra arte. Epaimahaiaren erabakia aste biko epean jakinaraziko da aipatutako datetatik. Urte-sasoi bakoitzeko 25 euroko hiru sari emango dira. Lanik onenak ikusgai jarriko dira Zamudiotorren.