Pilota bultzatu nahi dute Zamudion

Aikor aldizkaria 2010ko mar. 10a, 11:34

Arbolantza Zamudioko Kirol Elkarteak Pilotaren Eguna antolatu du lehenengo aldiz, martxoaren 28rako. Ekimenak “zamudioztarren artean pilotarako grina bultzatzea du helburu, eskupilota gazteen artean zabaltzea eta zaletasuna sortzea. Erakutsi nahi dugu Zamudion futbolaz gainera eskupilota ere badagoela. Eta, nola ez, ondo pasatzea”, azaldu digu Iñigo Amarika elkartearen arduradunak. Pilotaren Egunari goizeko 10:30ean emango diote hasiera. Besteak beste, eskuetan takoak jartzen eta pilota goxoak egiten ikasteko tailerrak egongo dira, eta hainbat joko egingo dira pilotako modalitate ezberdinen gainean: eskupilota, zesta-punta eta pala, esate baterako. Eguerdiko ordu-batean pilota partida izango da afizionatu mailan. Frontoian Asier Aurtenetxe eta Edorta Bilbao arituko dira Iñigo Aurtenetxe eta Dani Arkotxaren aurka. Amarikak egun horretarako antolatutako ekitaldietan adin guztietako lagunak batzea espero du, gazteak zein nagusiak. “Nahi duenak du hurbiltzeko aukera, nahiz eta Zamudiokoa ez izan. Datorrenari ongi etorri handia emango diogu”. Gaur egun 10 ume dabiltza Zamudioko Pilota Eskolan. “Lan gogorra egiten ari gara umeek eskolan jarrai dezaten. Era honetako ekintzei esker horiek motibatzea espero dugu”.