Zamudiok notarekin gainditu du herritarren azterketa

Aikor aldizkaria 2010ko mai. 5a, 12:09

Herritarrek Zamudiori buruz duen iritzia ezagutzeko asmoz, hango Udalak inkesta bat egiteko enkargua eman dio enpresa bati. Inkesta telefonoz egin da, eta bertan 18 urtetik gorako 378 zamudioztarrek hartu dute parte. Udaletik jakinarazi diren datuen arabera, herritarrek uste dute Zamudio oso leku aproposa dela han bizi izateko. Eta horren haritik 7,98 puntu eman diote. Era berean, ondoen baloratzen dituzten udal zerbitzuen artean hauek daude: UDA programa (8,15), ludoteka (7,88) eta liburutegia (7,82). Gutxien baloratzen dituzten zerbitzuetariko bat Hirigintza eta Ingurumen Saila (6) da. Beste alde batetik, aparkalekua (4,76) hobetu behar den zerbitzua dela uste dute. Udalak Artega auzoan babes ofizialeko etxebizitzak eta etxebizitza tasatuak eraikitzeko asmoa du, eta proiektu horrek (7,56) interes handia sortu du zamudioztarren artean. Izan ere, herritarren iritziz, Zamudioko arazorik nagusienetako bat etxebizitzarena da. Horrela, %21,9k beharrezkotzat jotzen du herrian babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzea. Inkestatuek aipatutako beste kezka batzuk hauek dira: trenbidea lurperatzea, eskola berria eta gaur egungo egoera ekonomikoa. Zamudioztarrek 6,7 puntu eman diote Udalaren lanari.