Berreagako herrixka, kultura-ondasun

Aikor aldizkaria 2010ko mai. 6a, 11:35

Bizkaiko Foru Aldundiak hasiera eman dio Berreagako Herrixka Gotortuaren eta Nekropoliaren Gune Arkeologikoa, monumentu-multzo izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasuntzat jotzeko espedienteari. Herrixka Zamudio, Mungia eta Gamiz-Fikako lurretan dago. Bizkaiko Aldizkari Ofizialean jakinarazi den bezala, herrixkari eman zaion babes-maila kontserbaziokoa da. Horrela, bermatu egingo da “kontserbatu beharreko ondasunak kalterik ez jasotzea”. Gune arkeologikoa dagoen inguruan integratuko da eta bertan aztarnategiari lotutako kultura-jarduerak egiteko aukera egongo da. Orain dela urteak, Aldundiko arkeologoek inportantzia handiko gune gotortua aurkitu zuten Berreagako herrixkan. Herrixka hesi batek babesten zuen. Han topatu zituzten aztarnen artean hauek zeuden: erdilabar-etxebizitzak, kultura zeltiberiarraren zeramika-lanak, IV. mendeko txanpon erromatarrak eta zalditxo-itxurako gerrikoaren belarria, zeina soldadu zeltiberiarrek jantzi ohi baitzuten. Hala ere, Berreagako aurkikuntzarik inportanteena hareharrizko hilarri-alea izan zen. Hilarrietan motibo horzdunak eta figura zeltikoak zeuden marraztuta.