Ekainean BTEK Teknologiaren Interpretazio-zentroa inauguratu da Zamudioko Teknologia Parkean. Hori teknologia interpretatzeko Euskadiko lehenengo zentroa da, eta proiektu aitzindaria ere bada Europa mailan, bertan hainbat teknologia integratzen baitira. Bitxikeria moduan, azpiegitura IPAD edo IPHONE baten bitartez kontrolatu egiten dela aipa dezakegu. Hau da, munduko edozein txokotatik eta botoi bat sakatuta eraikina eta horren barruan dauden azpiegitura guztiak piztu eta itzali ahal dira. Proiektua hauek bultzatu dute: Bizkaiko Teknologia Parkea, Elhuyar Fundazioa, Euskal Herriko Ikastolen Elkartea, SPRI eta Tecnalia.
BTEK zentroak zientzia eta teknologiarako bokazioak bultzatzea du helburu nagusitzat eta horretarako, teknologia jokoen bidez hurbilduko die gazteei. Zentroa bereziki DBHko ikasleei dago zuzenduta. Bost aretotan –Berrikuntza kioskoa; Sarea eta mundu digitala; Planetaren zaintza etxetik hasita; Ziztu bizian! Badira beste munduak gure inguruan; eta L@btek- teknologia ezagutu eta bizitzeko aukera izango dute gazteek. Bisitaldiak datorren ikasturtean hasiko dira.
Teknologiaren Interpretazio-zentroa eraikin deigarria eta jasangarria da. Piramide bik osatzen dute: bata beltza da eta 18 metroko altuera du; eta bestea lurrean sartzen den piramide berdea da. Piramide beltzaren hegoaldeko aurpegian eguzki-plakak jarri dituzte, eta aire giroturako sistema geotermiko bertikala erabiltzen da.
BTEK 2009ko kultura-eraikinik onena aukeratu dute ArchDaily arkitekturari buruzko webgunean.