Orain dela hilabete batzuk Zamudioko Udalak kontsulta bat egin zuen, herritarren kezkak-eta ezagutzeko. Emaitzen berri Orain! udal aldizkariaren bitartez izan dugu. Argitalpen horretan azaldutakoaren arabera, kontsultan 173 lagunek hartu dute parte, eta horien %79,8k (138 lagun) azaldu dute ekonomia eta enplegua direla gehien kezkatzen dituzten gaiak. Inkestetan azpimarratutako beste gai batzuk hauek izan dira: hirigintza eta mugikortasuna (%50,8); gizarte-ongizatea (%47,4); kultura, kirola eta aisialdia (%43,3); euskara eta gazteria (%37,6); eta ingurugiroa (%30,6).
Galdera-sortari erantzuteaz gainera, parte-hartzaileek iradokizunak ere egin dituzte hainbat esparrutan. Ekonomiari eta enpleguari dagokienez, proposamen hauek egin dituzte: zamudioztarrei erraztea enplegua lortzea; langabetuek herriko enpresetan lana topatzea erraztea; Teknologia Parkeko enpresekin hitzarmenak-eta sinatzea, gazteek han lan egin ahal izateko; Zamudioko enpresek lan-poltsa osatzea; eta Behargintzatik ematen den lanbide-orientazioa hobetzea.
Bestalde, eta hirigintza esparruari dagokionez, etxebizitza-eskaintza handiagoa izateko proposamena egin dute, eta etxeak merkeagoak izan daitezela. Era berean, etxebizitza sozialak eta babes ofizialekoak eskatu dituzte gazteentzat, eta alokairu-politikak bultza daitezela. Mugikortasun arloan, espaloiak eta zebra-pasaguneak hobetzeko eskatu dute. Zamudioztarren ekarpenak Tokiko Agenda 21ean sartuko dira.