Gazteen Eguna egingo da Zamudion

Aikor aldizkaria 2011ko mar. 16a, 13:35

Zamudioko gazte batzuk bildu eta Gazteen Eguna lehenengo aldiz antolatzea erabaki dute. “Izan ere, herrian gauza gutxi dago guri zuzenduta, eta pentsatu dugu ekimena baliagarria izan daitekeela, gazteok elkar hobeto ezagutzeko”, azaldu digute. Gazteen Eguna apirilaren 9an egingo dute. Goizeko 11etan txupinazoa botako da plazan, eta 12etan trikitilariek girotutako poteoari ekingo diote, tabernaz taberna. Eguerdiko ordu-bietan bazkaria izango dute, “eguraldi ona bada, plazan; eta euririk bada, frontoian” eta horren ostean, bertso-saioa eskainiko da. Arratsaldeko 5:30ean herri kirolak egongo dira, eta gaueko 10etatik aurrera musika talde hauek arituko dira eszenatoki gainean: rap taldeak, Kale gorrian, 12 kilometro eta Auskalo non. Gainera, ustekaberen bat ere egongo da. Bazkarirako txartelak 15 euro balio du, eta 12 euro, 14 urtetik beherakoentzat. Txartelok taberna hauetan jarri dituzte salgai: Fernan, Susterrak eta Ama3. Bazkarian 100-150 lagun biltzea espero dute antolatzaileek. “Baina kontzertuetara jende gehiago etorriko dela uste dugu. Egun polita irtetea espero dugu, gure arteko harremana sakontzeko balio duena. Gazteen Egunean edonork har dezake parte. Gainera, etorkizunari begira beste motatako ekitaldiak egiteko asmoa ere badugu; kultur eta kirol ekitaldiak, esate baterako”. Egitasmoa aurrera atera ahal izateko, antolatzaileek diru-ekarpena eskatu diete herriko tabernei. Udalak, bere aldetik, eszenatokia, txosna, mahaiak eta aulkiak utziko dizkie. “Biltzen dugun dirua lehen aipatutako kultur eta kirol ekitaldiak antolatzeko erabiliko da”.