Bertokok urteak bete ditu

Aikor aldizkaria 2011ko api. 20a, 12:58

Hamabost urte bete dira Zamudioko Bertoko Soinu-Tresnen Elkartea sortu zenetik. Urteurrena ekainaren 4an, zapatuan, ospatuko dute. Egunari goizeko 11etan emango diote hasiera, eta, besteak beste, ekitaldi hauek egongo dira goizean: kalejira, umeentzako jolasak, hamaiketakoa eta trikipoteoa. Herri bazkaria ere egingo dute, eta arratsaldean umeentzako puzgarriak, kantuz kantu ekitaldia eta erromeria izango dira. Erromeria Izargi taldeak girotuko du. “Ibilbide honetan gure kultura ibili gara sustatzen, arrakastaz. Eta ibilbide eta arrakasta horiek gure artean ez ezik zamudioztar guztiekin ere ospatu nahi ditugu. Gainera, herritarrak guregana hurbiltzea eta gure lana ezagutzea nahi dugu”, esan digu Josu Aretxabaleta Bertokoren presidenteak. Baina hau ez da urteurrenaren haritik egingo duten ekintza bakarra. Horrela, Lagatzuk antolatzen duen Euskal Astean hartuko dute parte maiatzean, eta ekainean ekintza batzuk egiteko asmoa dute, herria girotzeko. Gainera, aurreko hilabeteetan musika tailerrak ere antolatu dituzte.