Konponbidea eskatu dute jantokien gatazkarako

Aikor aldizkaria 2011ko mai. 18a, 09:59
Atzo, Elizalde Zamudioko Gurasoen Elkartearen kideak eta haien seme-alabak ikastetxeko jolastokian batu ziren, eta jantokien gatazkari konponbidea emateko eskatu zuten. Elkarrataratze-deia BIGE Bizkaiko gurasoen elkarteak egin zien lurralde gurasoen elkarte guztiei. “Gatazkan bitartekari aritzeko eskatzen diogu Eusko jaurlaritzari, eta arazoa ahalik eta lasterren konpon dezatela”, esan zigun Susanak. Jaurlaritzak azpikontratatutako enpresetako langileek hiru aste daramatzate greban, eta horrek hainbat eragozpen ekarri dizkie gurasoei. Hala ere, gatazka ez da berria; hura orain dela hiru urte hasi zen, eta oraindik ez da akordio batera heldu. Gurasoen Elkarteko kidea izateaz gainera, jantokiko langilea ere bada Susana, eta greban dago. Langileen errebindikazioen artean bereziki hiru azpimarratu ditu. “Urtean 18 lanordu gehiago eman zizkiguten, zerbitzua hobetzeko. Baina zentro bakoitzak nahi duen bezala erabiltzen ditu orduok. Hamazortzi ordu horiek arautzeko eskatzen dugu, eta umeen onura dakarten zerbitzuetan erabil daitezela”. Era berean, langile guztiei zuzendutako prestakuntza unibertsala egotea ezinbestekotzat jo du. “Enpresa bakoitzak bere ikastaroa ematen die langileei. Guk, sektoreari dagozkion gaietan: lehen sorospenak, janari-arazoak..., guztiok prestakuntza bera jasotzeko eskatzen dugu”. Euren soldata Eusko Jaurlaritzak kontratutako langileenarekin parekatzeko ere eskatzen dute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).