Marea gorria, Bertokoren urteurrenean

Aikor aldizkaria 2011ko eka. 10a, 12:22

Bertoko Zamudioko soinu tresnen elkarteak kandelak amatatu ditu. Elkarteak 15 urte bete ditu eta urteurrenaren haritik, jai zoragarria egin zuten zapatuan. Marea gorriak herriko kaleak hartu zituen, izan ere, herritarrak elkartearen kamiseta jantzita zutela batu ziren egun horretarako antolatuta zeuden ekitaldietan. Txupinazoak hasiera eman zion jaiari eta goizean zehar hauek izan ziren: kalejira, jolasak, hamaiketakoa eta dultzaina-txalaparta-alboka-pandero-trikitia-kantu poteoa. Bazkarian 250 lagun bildu ziren eta, besteak beste, txahala errea dastatzeko aukera izan zuten. Ostean, omenaldia egin zitzaien 15 urteetan taldetik pasatu diren zuzendariei, gurasoei, irakasleei eta lagunei. Elkartearen zapi bana eman zieten oroigarritzat. Eskolako ikasleek girotu zuten bazkalostea eta Taberna ibiltariak ere hartu zuen parte jaian. Era berean, berbena egon zen eta hura amaitu zenean, kantuz kantu ibili zen jendea. “Egun osoan zehar izan zen giro ederra azpimarratuko genuke. Neurri handi batean, hura herriko beste elkarteen –Racing, Iraultza, Hiru bat eta Lagatzu, esate baterako- lan eta parte-hartzeari esker lortu da”.