Joan den zapatuan Lagatzu Eguna-Euskal Jaia egin zen Zamudion, hango euskara elkartearen 12. urteurrenaren haritik. Egun polita irten zen eta zamudioztarrek zein Txorierriko gainontzeko euskaltzaleek bat egin zuten ekimenarekin. Egun osoan zehar antolatutako ekitaldi guztietan ehunaka lagun batu ziren.
Lagatzu Eguna-Euskal Jaiari kirol egiten eman zioten hasiera, herri ikastetxean spining maratoia egin zen-eta. Ehun eta berrogeita hamar lagunek -helduak zein umeak, tartean- osatutako kartoi banda kalejiran atera zen herritik, eta bertoko produktuen azoka ipini zen Leizaola plazan. Hamaiketakoari esker indarrak berritu ostean, kalejira-bira-danba-poteoa egin zuten tabernaz taberna, txokoz txoko.
Herri bazkarian 600 lagun inguru bildu ziren, eta haiek, postrerako, perretxiko gozoa pastela dastatzeko aukera izan zuten. Pastela urteurrenerako atera dute Lagatzukoek Bizkaiko Gozogileen Elkartearekin batera, eta Aramendi Zamudioko gozotegian egiten da, herritarren eskura edozein momentuan egon dadin. Pastelak Lagatzu elkarteak herriari egiten dion beste ekarpen bat izatea du helburu, zamudioztarrentzat zein bisitarientzat erakargarriena izan daitekeena.
Bazkalostea Taberna Ibiltariak girotu zuen eta jolasak antolatu ziren umeei zuzenduta. Gaua Trikizio musika taldearen eskutik luzatu zen.
Bestalde, aurreko egunean ere, barikuan, Lagatzu Eguna-Euskal Jaiari lotutako ekimen bat egin zela aipatu behar da. Xabi San Sebastian abeslariak kontzertua eskaini zuen eta han ere jendetza batu zen.