Txorierrik utzi egin du Euskal Herriko liga

Aikor aldizkaria 2011ko uzt. 21a, 11:09

Komunikatu baten bitartez jakinarazi duten moduan, Txorierri Elkartasuna Zamudioko herri kirol taldeak Harrizulatzaileen Euskal Herriko Liga uztea erabaki du, “urteetan jasotzen ari garen erasoagatik”. Era berean, taldeak ez du parte hartuko Harrizulatzaileen Elkarteak antolatzen dituen ekimenetan. Azaldu dutenaren arabera, zigorrak ipintzen dituen erakundeak puntuak kendu dizkie sailkapen orokorrean, taldekide batek izandako jarrera ez egokiari erantzuna emateko. “Baina uste dugu erabakia bidegabea dela eta ez datorrela bat errealitatearekin. Gurea gaur egun dagoen talderik iraunkorrena eta prestatuena da, eta Liga hirugarren aldiz irabazteko aukera handia badugu ere, hura behin betiko uztea erabaki dugu. Datozen urteetan ere ez dugu bertan parte hartuko”. Hala ere, ez dute taldea desegiteko asmorik, eta aipatu dute herri kirol arloko beste modalitateetan arituko direla. “Txapela ahal dugun guztietan jantziko dugu”.