Aurrekoetxeak Gizon Proba Txapelketan hartuko du parte

Aikor aldizkaria 2011ko aza. 4a, 15:40

Argazkia: Txorierriko Herri Kirol Taldea

Azaroaren 27an, domekan, Euskal Herriko Gizon Proba Txapelketa egingo da Nabarnizeko probalekuan, banakako kategorian. Aurten lehenengo aldia izango da txapelketan txorierritar bat ibiliko dena, izan ere, Iñigo Aurrekoetxea “Gotxa” zamudioztarrak hartuko du parte bertan. Aurrekoetxea Euskal Herriko kirolaririk onenekin ariko da norgehiagoka. Parte-hartzaileek ahalik eta metro gehienen 800 kiloko harria eraman beharko dute herrestan, eta harekin ahalik eta metro gehien egin. Horretarako, ordu erdia edukiko dute. “Denbora gutxi eduki dut entrenatzeko eta, ondorioz, badakit aurten ez dudala aukera handirik izango. Hala ere, pozik nago, denbora gutxian nahikoa maila lortu dudalako, Euskal Herriko kirolaririk onenekin aritzeko. Hori “Urpe”-k hasiera-hasieratik eman didan laguntzari esker lortu dut”. Aurrekoetxeak 10 urte daramatza herri kirolari lotutako probetan parte hartzen. Orain arte harrizulatzaileen txapelketan ibili da eta, besteak beste, titulu hauek lortu ditu: Euskal Herriko Harrizulatzaileen Liga (2010 eta 2009), Euskadiko Binakako Txapelketa (2008, 2006 eta 2005) eta Burdinazko Harrizulatzailea (2008).