San Martin jaien egitarauaren barruan, Zamudio, lehen, orain eta beti diskoa aurkeztu zen jendaurrean. Lana Udalak editatu du eta Xabier Aburruzaga musikariak produzitu du. Diskoa 17 kantuk osatzen dute. Horietako 15 abesti tradizionalak dira, Salamankara eta Nire aitak amari, esate baterako; eta beste biak, Aburruzagak egindako konposizio berriak. Azaldu dutenaren arabera, abestien bidez ibilbidea egin da inguruko musika tradizionaletik, ia galduta zeuden doinuak berreskuratuz, eta beste abesti ezagunago batzuk berriro interpretatuz eta egokituz. Besteak beste, Natxo de Felipek, Mikel Markezek, Antxon Lasak, Amaia Zubiriak eta Mikel Urdangarinek hartu dute parte diskoan. Era berean, herriko zenbait musikari ere aritu dira grabazioan, hala nola, Zamudioko Kamara Korala, Gazte Elai txistu taldea eta 40 umek osatutako ahots zurien abesbatza.