Rock-a 50eko hamarkadan sortu zen Estatu Batuetan. Handik hona, garapen handia izan du, eta mundu osora zabaldu da. Euskal Herria ez da salbuespena izan. Lagatzu Zamudioko euskara elkarteak rock-aren gaineko ekimena antolatu du abenduaren 1erako, iluntzeko 8etan, Zamudiotorren. Han, euskal rock eta pop-aren aztarnak, historia eta pasarteak modu eraginkor eta praktiko baten bidez hurbilduko zaizkie parte-hartzaileei. Horretarako, musika-estilo honen hastapenak errepasatuko dira, eta, bereziki, Euskal Herriko rockean sakonduko da: argitaletxeak, taldeak, gertaera bat edo bestea markatu duten abestiak, diskoen gainbehera eta industriaren birmoldaketa, besteak beste. Horrezaz gainera, musikaren entzunaldia egongo da eta hitzaldi-mahai ingurua egingo da. Rock musika tresnen inguruko solasaldi teoriko-praktiko laburra ere eskainiko da. Ekimenean, Ritxi Aizpuru musika editoreak eta Alex Sardui eta Haimar Arejita Gatibuko musikariek hartuko dute parte. Baga-biga argitaletxeak sustatu du ekimena.
Gutun lehiaketa
Bestetik, aurrekoetan bezala, Lagatzuk “Olentzero-Gabonak, kontaiguzu†lehiaketa antolatu du aurten ere. Lehiaketan, Zamudioko umeek baino ezin izango dute parte hartu, eta hiru kategoria egongo dira: A, lehen hezkuntzako 2. mailakoentzat; B, 3. eta 4. mailetakoentzat; eta C, 5. eta 6. mailetakoentzat. A kategoriakoek orrialde bateko lana idatzi beharko dute; eta gainerakoek, orrialde batetik gorakoa. Lanak elkartearen postontzian utzi ahal izango dira (Aresti 2, behea) abenduaren 19ra arte. Lanak gutun-azal handi batean aurkeztuko dira, eta barruan beste gutun-azal txikiago bat sartuko da. Bertan datu hauek jarriko dira: izen-abizenak, helbidea eta telefonoa. Gutun-azal txikiaren kanpoaldean kategoria idatziko da. Sariak abenduaren 29an banatuko dira, iluntzeko 8etan, kiroldegian. Hiru sari emango dira kategoria bakoitzean, eta irabazleek material didaktiko erosteko diru-txartel bana jasoko dute saritzat. Tor magoak saioa eskainiko du bertan.