M29

Aikor aldizkaria 2012ko mar. 30a, 12:33

Txorierriko enpresa eta komertzio gehienek bat egin zuten sindikatuek atzorako deitutako greba orokorrarekin. Lasaitasuna ezaugarri nagusia izan zen atzo, eta oso istilu gutxi egon ziren. Deia egunkariaren arabera, aipagarriagoa Zamudion gertatu zen, herriko sarreran edukiontzi bat erre baitzuten. ELA, LAB, STEE-EILAS, ESK eta EHNE sindikatuek jakinarazi bezala, oso pozik daude lortutako erantzunarekin, EAEko eta Nafarroako enpresa eta sektore gehienek hartu baitzuten parte atzoko greban. Hala, industria arloan dabiltzan enpresen %87k itxi egin zuten, eta enpresa txiki eta ertain askok ere bat egin zuten deialdiarekin. Bidaiarien garraioetako sektorean, gasolindegietako sektorean eta Bilboko eta Paisaiako portuetan oso lanuzte handia izan zen, eta oinarrizko zerbitzuak baino ez ziren bete. Eraikuntza sektoreari dagokionez, grebak eragina eduki zuen obra handietan, batez ere Gipuzkoan. Bizkaian, Araban eta Nafarroan, berriz, bestelako eragina eduki zuen, hauetan ere zabala izan arren. Greba erabatekoa izan zen porlanaren industrian eta hormigoi ekoizle eta banatzaileen sektorean. Bestetik, Gara, Berria, Diario de Noticias egunkarietan grebak jarraipen osoa eduki zuen, eta EITB taldean ere. Azken honetan gutxienezko zerbitzuak baino ez ziren eman. Aikor! aldizkariak ere bat egin zuen grebarekin. Sindikatuen datuen arabera, EAEko Herri eta Foru Administrazioan lanuztea ia erabatekoa izan zen eta itxi ez ziren administrazioetan %80tik gorako jarraipena eduki zuen. Hiriburuetako administrazioetan eta Foru Aldundietan, %90etik gorakoa izan zen; Administrazio autonomoan, %80tik gorakoa. Irakaskuntzan eta Osakidetzan azken urteotako mobilizaziorik handiena egon zen. Gizarte-Ongizate Zerbitzuetan eta Erakunde eta Enpresa Publikoetan ere erantzun handia izan zen, oinarrizko zerbitzuak bete zirela. Estatuko Administrazioari dagokionez, grebak %70etik gorako jarraipena eduki zuen Posta zerbitzuan; %70ekoa administrazio orokorrean, Gipuzkoan; eta %60, Bizkaian. Araban txikiagoa izan zen. Grebak eragin handia eduki zien zerbitzu pribatuetan ere bai: merkataritza guneak, oihalgintza sektorea, hornidura-azokak, denda txikiak eta ostalaritza, kaleetako eta eraikin zein lokalen garbitasun zerbitzuak eta jangelen kudeaketaren sektorea. Finantza-sektorean, berriz, eragin partziala izan zuen. Azkenik, sindikatuen iritziz, aipagarria da politikako eta gizarteko sektore eta talde ugarik deialdiari eman dioten babesa. Gasteiz, Iruñea, Donostia eta Bilbon eguerdian izan ziren manifestazioetan ehun mila langile inguruk hartu zuten parte.