Lagatzu Zamudioko euskara elkarteak Euskal Astea antolatu du zortzigarren aldiz. Maiatzaren 3tik maiatzaren 7ra bitartean egingo da. Moira Anderson irlandarrak bere herriaren gaineko hitzaldia eskainiko du, euskaraz, maiatzaren 3an. Ekimena arrastiko 8etan egingo dute Zamudiotorren. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Zazpikoloroa ikuskizuna eskainiko dute hilaren 4an, arrastiko 7etan, herriko kiroldegian.
Hilaren 5ean, goizeko 11etan, umeei zuzendutako ibilaldi didaktikoa egingo da, gazte-txoek herria eta haren bazterrak ezagut ditzaten, eta arrastian Amaren Alabak taldeak hartuko du txanda. Kontzertua doan izango da eta iluntzeko 20:30ean hasiko da Zamu-diotorren. Bizkargi Eguna dela eta, mendi ibilaldia antolatu dute Arroeta mendi taldea-rekin batera, maiatzaren 6rako. Hitzordua goizeko 9etan jarri dute plazan.
Euskal Asteari amaiera emateko, Zamorako apaiz-kartzela liburua edukiko dute hizpide hilaren 7an egingo duten mahai-inguruan. Francoren gobernuak eta eliza katoli-koak espetxe-zigorra ezarri zieten hainbat erlijioso eta abade euskalduni, Euskal Herriak garai hartan pairatzen zuen errepresioa salatzeagatik. Zigorrek 1968. urtetik 1976. urtera bitartean iraun zuten. Liburuan protagonistetariko batzuen testigantza jaso da. Mahai-ingurua arrastiko 8etan egingo da Zamudiotorren, eta Angel Zelaietak, Josu Naberanek, Martin Orbek eta Xabier Amurizak hartuko dute parte bertan.
Kantu ikastaroa
Bestetik, aurreko urteetan bezala, Euskal kantuen ikastaroa antolatu dute maiatzaren 24rako eta 31rako eta ekainaren 7rako eta 14rako. Ekimen hori 13. aldiz egingo dute aurten. Irakasle Itsaso Arrieta ibiliko da. Bazkideek bost euro ordaindu beharko dute, eta bazkide ez direnek, zortzi euro. Izena emateko, 645 738 845 telefono zenbakira dei daiteke, edo mezua bidali lagatzu@lagatzu.com helbide elektronikora. Euskara elkarteko kideengana ere jo daiteke.