Eskola berria, Zamudion

Aikor aldizkaria 2012ko mai. 3a, 11:05

Zapatuan eskola berria inauguratu zuten Zamudion. Eskolak Haur eta Lehen Hezkuntzako 241 ikasle hartzen ditu gaur egun, eta aurreko ikastetxeak zituen leku-arazoei konponbidea emateko eraiki da. Azpiegitura Arteaga inguruan altxatu da eta 6.475 metro karratu ditu, eskola zaharrak zuen azaleraren bikoitza. Besteak beste, hauek atondu dira han: 20 gela, kirol-kantxak, gimnasioa, musika-gela, laborategia, auditorioa eta 1.200 metro karratuko patio estalia. Gainera, orain arte Zamudiok Haur Hezkuntzan baino ez zuen linea bikoitza (gela bi maila bakoitzeko), eta proiektuak aukera ematen du linea bikoitza Lehen Hezkuntza osorako zabaltzeko. Bestetik, esan beharra dago eskolan zoru erradiatzailea eta energia aurrezteko gas eta geotermia-sistemak jarri direla. Udalak 6,6 milioi euro ipini ditu beharretan.