Gazte Eguna, Zamudion

Aikor aldizkaria 2013ko mar. 26a, 09:04

Inisitue Zamudioko Gazte Asanbladak Gazte Eguna antolatu du hirugarren aldiz apirilaren 13rako. Ekitaldiz beteriko eguna izango da. Txupinazoa 10:00etan botako dute eta 10:30ean umeentzako jarduerak izango dira: jolasak, tailerrak, txotxongiloak eta mago baten saioa. Kirolari ere egingo zaio lekua, eta 12:00etan Areto-futboleko Txapelketaren finala jokatuko da. 13:00etatik aurrera, txikiteoa egingo da herriko tabernetan zehar, eta 14:30ean bazkaria emango da. Bazkarirako txartelak Ama3, Susterrak eta Fernan tabernetan jarriko dira salgai. Umeek eta langabetuek zortzi euro ordaindu beharko dute; eta nagusiek, 10 euro. Bazkalostean, aurreko urteetan eginiko jardueren argazkiak eta bideoak jarriko dira ikusgai. Bapo jan ondoren, gorputza apur bat mugitzea komeni ei da. Zamudion, herri kirolak izango dituzte 17:00etan, eta txaranga batek herriko kaleak girotuko ditu 19:00etatik aurrera. Kontzertuak 23:00etan hasiko dira eta talde hauek igoko dira eszenatokira: Eskean kristo, MCD eta Gora Herria. Goizaldeko 5etan, Dj Rulik hartuko du haien txanda. Antolatzaileek esan digutenaren arabera, eguraldi ona eginez gero, ekitaldi guztiak plazan egingo dira; euria bada, berriz, eskola zaharreko patiora edo frontoira eramango dituzte.