Radar berria, Zamudion

Aikor aldizkaria 2013ko mai. 6a, 13:13

Zamudioko Udalak abiadura kontrolatzeko radar bat jarri du Txorierriko etorbidean, eskola berriaren alboan. Radarrak abiadura erakutsiko die gidariei eta momentuz ez du isunik jarriko, baina datu interesgarriak eskainiko dizkio Udalari: herritik zenbat automobil pasatzen diren, zein abiaduratan... Norte industrial enpresak egin duen tresnak kontzientzia sorraraztea du helburu, gidariak azkarregi ez ibiltzeko. “Radarra jarri dugun lekua arriskutsua da: alde batetik, errepidea zuzena eta luzea delako, eta autoak hortik azkar ibiltzen direlako; eta bestetik, ondoan eskola dagoelako. Etorkizunari begira, radarra herriko beste toki korapilatsu batera eramango dugu: elizaren ingurura”, esan du Igotz López Zamudioko alkateak. Egun hauetan Nazio Batuen Erakundeak (NBE) egindako Bide-segurtasunerako II. Munduko Astea ospatzen ari da, eta Zamudioko Udalak bat egin du honekin, radar berria ipinita. Horrek, besteak beste, errepideetan heriotzak ekiditea eta segurtasuna hobetzea ditu helburu. “Automobilek eta pertsonok elkarrekin bizi behar dugu. Udalerri atsegina nahi dugu zamudioztarrentzat”, aipatu du Lópezek.