Ekintzak Zamudion

Aikor aldizkaria 2013ko urr. 4a, 11:45

Euskal presoen eskubideen aldeko ekintzak antolatu dira Zamudion, gaurko eta biharko. Ekintzok Leizaola plazan izango dira gaur, 18:00etatik 24:00etara; eta bihar, 10:00etatik 15:00etara. Besteak beste, Tantaz tanta atxikimendu argazkia, irakurketa jarraitua, herri mural erraldoia eta tartera afaria egingo dira. Bestalde, Ibon Meñika zamudioztarra eta Herriraren kontrako operazioaren haritik atxilotutako beste 13 lagun aske utzi zituen atzo Eloy Velasco Auzotegi Nazionaleko epaileak. Beste lauak espetxera agindu zituen eta 20.000 euroko bermea ezarri zien. Haietariko bik bermea atzo ordaindu eta espetxetik atera ziren; beste biak handik gaur ateratzea espero da. Hala ere, atxilotu guztiek jarraitzen dute inputatuta eta epaileak talde terroristako kide izatea eta terrorismoa goratzea eta finantzatzea leporatzen die. Bihar manifestazioa egingo da Bilbon, 17:30ean La Casillatik aterako dena.