Aurreko alean jakinarazi genuen bezala, herritar talde bat lehenengo pausoak ematen zebilen Zamudion langabeen elkartea sortzeko. Egitasmoak aurrera jarraitzen du eta dagoeneko elkartea ofizialki eratzeko beharrezkoak diren izapideak aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzan. Izena ere ipini diote elkarteari: Elkarrekin aurrera, Zamudio langabeen elkartea.
Horrezaz gainera, biltzeko lokala ere eskuratu dute, eskola zaharretako hirugarren solairuan, eta martitzenetan eta ostegunetan egongo da zabalik, 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Asteroko bilera egiten ere jarraituko dute.
Azkenik, esan beharra dago elkartea Zamudioko alkatearekin, Egaz Txorierriren ordezkariekin eta Bizkaiko beste langabetuen elkarte batzuekin bildu dela, haien egoera azaldu eta iritziak trukatzeko.