Atzo emakume bat aurkitu zuten hilik Mungian, ito zuten zeinuak zituela. Ertzaintzak biktimaren mutil-lagun ohia atxilotu zuen, horrek emakumea hil zuelakoan. Gizona Zamudiokoa da. Segurtasun Sailetik baieztatu denez, indarkeria matxistaren ondorioz aurten hil den lehenengo emakumea izan da.
Biktimak Andina Pereira zuen izena eta Brasilgoa zen. Seme-alaba bi zituen. Atzo eguerdian pertsona batek deitu zuen 112 telefonora, konorterik gabe zegoen emakume bat etxean topatu zuela esanez. Anbulantzia bat hara joan zen eta, nahiz eta sanitarioak emakumea suspertzen saiatu, hil zela baieztatu zuten. Biktimak biolentzia-zantzuak zituela ikusi zuten eta Ertzaintzari deitu zioten, ikerketari ekiteko. Ordu batzuk lehenago Ertzaintzak emakumearen bikote ohia atxilotu zuen. Jakinarazitakoaren arabera, gizonak baditu aurrekariak genero-indarkeriagatik.