“Ei gazte! Mugi gerria, irauli herria!” leloa aukeratu du Inisitue Zamudioko gazte asanbladak aurtengo Gazte Egunerako. Hori apirilaren 5ean egingo dute. Egun osoan zehar ekitaldi-sorta zabala egongo da herrian.
Txupinazoa 10:45ean botako dute, eta ostean umeentzako jolasak eta tailerrak egongo dira. Era berean, gaztekiroljinkana bat izango da, aurten lehenengo aldiz antolatu dena. Poteoa 13:00etatik aurrera egingo dute, eta ekitaldia eta bazkaria ere edukiko dituzte. Bazkarian parte hartzeko, izena eman behar da taberna hauetariko batean: Susterrak, Fernan edo Ama3. Mezu bat ere bidali ahal da helbide elektroniko honetara: inisituegazteasanblada@gmail.com.
Arratsaldean, 17:30ean, Gazteolinpiadak izango dira; eta 19:30ean, Musikalejira. Eszenatokira talde hauek igoko dira: La Vieja, Bertan Bera, Sarkor eta Trikizioa. Kontzertuak 23:00etan hasiko dira, eta, eguraldiaren arabera, plazan edo frontoian izango dira. “Gure helburua herriko gazteria martxan jartzea da, Gazte Eguneko ekintzetan parte hartzea”, esan digute antolatzaileek. “Baita urtean zehar egiten ditugun eta gazte guztiei zuzenduta dauden ekintzetan parte har dezatela ere. Bidea autogestioa dela jakinda”.