Aparteko giroa, Zamudioko azokan

Aikor aldizkaria 2014ko aza. 3a, 14:01

Udako giroak animatuta, jende-piloa hurbildu da asteburu honetan Zamudiora. Eguraldi onak animatuta, eta zapatuan eta domekan bertan egon den eskaintza gastronomiko eta ludikoak bultzatuta ere bai. Hala, Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka 29. aldiz egin da eta Zamudion baserriko produkturik onenak eduki ditugu ikusgai eta salgai: barazkiak, kontserbak, hestebeteak, gazta, ogia… Gainera, aurreko urteetan bezala, Bizkaiko Limusin arrazako Abelgorrien Txapelketa egin zen azokaren egitarauaren barruan. Tradizio handiko azoka da Zamudiokoa, baina urterik urte berritzen dena. Aurten, esate baterako, Thate familiak Alemaniako zaporea ekarri du Txorierrira, November-festaren eskutik. Mugimendu handia egon zen beren postuko mahaietan eta garagardoa ez ezik Alemaniako produktuak ere dastatzeko aukera eduki genuen han, hala nola ukondoa eta saltxitxak. Dena gozoa baino gozoagoa; hain gozo, ezen jateko barik lotu baitziren. Gozokiek eta artelanek ere beren lekua eduki dute Zamudioko azokan. Iaz lehenengo aldiz antolatu zen Txokolate, Gozo eta Artisautza Azoka eta horrek izan zuen harrera ona ikusita, aurten ere egitea erabaki da. Txokolateak, gozokiak, bizkotxoak, gailetak, bonboiak… tentagarri handiak izan ziren posturik postu ibili ginenontzat. Artisauek ere larruz, harriz, zilarraz… egindako lanak eraman zituzten azokara.