Zamudioztarrei “perretxiko ustelak” esaten zaie, hala ere, orain arte ez da elkarte mikologikorik herrian egon. Herritar talde batek hutsune hori betetzea hartu du helburu, eta Zizegorri Mikologi Taldea sortu berri du. Juanan Díaz perretxikoetan aditua izateaz gainera, taldearen presidentea ere bada, eta azaldu digun moduan, elkartea herritarrei zerbitzua emateko sortu da. “Hala, ziza garaian leku jakin batean batuko gara astelehenero, eta nahi duenak gugana hurbiltzeko aukera izango du, asteburuan batutako perretxikoak eta zizak aztertzeko eta zalantzak argitzeko”. Horrezaz gainera, txango mikologikoak eta erakusketak antolatuko dituzte eta elkarlanean ibiliko dira herriko eskolarekin. Ekitaldiak euskaraz egingo dituzte.
Zizegorri taldea bazkideak batzeko kanpainan dabil buru-belarri. “Egutegi berezi bat kaleratu dugu. Besteak beste, ilargiaren aldiei buruzko informazioa jaso da bertan, erregela bat, hartutako aleak neurtzeko… Bestalde, kartelak ipiniko ditugu herrian, zamudioztarrek gure taldearen eta gurekin harremanetan jartzeko moduaren berri izan dezaten”.